Protokoloa, hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen babesgabetasun-egoerak eta tratu txarrak, abusua eta sexu-jazarpena prebenitzeko eta egoera horietan jardutekoa, eta hezkuntza-esparruan eta adingabeen babesean esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza eta koordinaziorakoa (Gobernu Bilera 2016-11-15)
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak protokolo berri baten berri eman dio Gobernu Kontseiluari: Hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen babesgabetasun-egoerak eta tratu txarrak, abusua eta sexu-jazarpena prebenitzeko eta egoera horietan jarduteko Protokoloa.
Hezkuntza-esparruaren eta adingabeen babesean esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa xede duen protokolo bat da.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin batera eta beste erakunde, zerbitzu espezializatu nahiz profesional batzuekin elkarlanean bultzatu du lan-tresna hau. Beharrezko gertatzen da babesgabetasun egoeraren bat, tratu txarrak, abusua edo sexu-jazarpena (fisikoa nahiz psikologikoa) pairatzen ari diren, pairatu dituzten edo pairatzeko arriskuan egon daitezkeen adin txikikoekin diharduten eragileen arteko jarduketak koordinatzea. Profesionalki adingabeekin ari den pertsona orok egoera horiek antzemateko. Beharrezko gertatzen da adingabeekin profesionalki esku hartzen duten pertsona guztiek egoera horiek antzemateko eta modurik egoki, bizkor eta eraginkorrenean jarduteko jarraibideak izatea, horrela lortuko baitute haien osotasuna eta duintasuna bete-betean babestea eta defendatzea.
Eskubide horiek babesteko ezinbestekoa da jarduketak koordinatzea, erasoa gertatu denean adingabeari sortutako eragina arintzeko, baina baita, aurreko fase batean, arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzeko ere. Gainera, geroztiko jarraipena ere profesionalek lantzen duten funtsezko elementua da.
Bistan da haur eta nerabeen eskubideak urratzen dituzten egoera horiek ezin direla eta ez direla alde batera utzi behar, ezta justifikatu ere. Haurrak eta nerabeak biktima dituzten egoerak oso konplexuak izan ohi dira, eta kontu handiz ulertu eta aurre egin beharra dago. Gisa horretako gertaeren aurrean, eskolak erantzukizun legala ez ezik, emozionala eta etikoa ere badu, eta ezin die berak bakarrik aurre egin.
Eskolak rol bat bete beharra dauka, eta erakunde eta profesional adituen sare batean artikulatuta egin dezake, familiari egoera horietan lagun egiteko. Sarean lan egitea ezinbestekoa da prebentzio, detekzio eta euspen soziokomunitarioan lan egin dezakeen sistema bat osatzeko.
Protokoloaren helburuak honako hauek dira:
- Adin txikikoen babesgabetasun egoerak, tratu txarrak, sexu-jazarpena edo abusuak eskolatik eta garaiz antzemateko eta prebenitzeko jarraibideak eskaintzea.
- Era honetako egoeren aurrean eskolaren esparrutik nola jokatu azalduko duten jarraibideak adieraztea.
- Hezkuntza-zerbitzuen eta esku hartzen duten gainerako eragileen arteko koordinazio-prozedurak ezartzea.
- Erakunde guztien jarduketen arteko koherentzia sustatzea
Protokoloak bere baitan hartzen ditu:
- Haur eta nerabeen babesgabetasun egoeren definizioa, eta eskola-eremuan antzemandako tratu txar, sexu-jazarpen edo abusu egoeren definizioa.
- Jarduteko printzipio nagusiak.
- Hezkuntza-testuiguruko jarduketa prebentiboak
- Ikastetxearen jardunbidea, babesgabetasun egoeren aurrean.
- Tratu txar, sexu-jazarpen eta gehiegikeria kasuen aurreko jardunbidea.
- Hezkuntza esparruaren eta adin txikikoen babesean diharduten eragile edo zerbitzuen arteko koordinazioa eta kolaborazioa (Gizarte Zerbitzuak, Osasun Zerbitzuak, Ertzaintza, Fiskaltza eta Epaitegia).
- Koordinazio-protokoloaren jarraipena.
Protokolo hau egiten honako erakunde eta eragile hauek hartu dute parte:
- Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Enplegu eta Gizarte Politiken Saila
- Segurtasun Saila
- Osasun Saila
- Arabako Gizarte Zerbitzuak
- Bizkaiko Gizarte Zerbitzuak
- Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuak
- Gasteizko oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
- Bilboko oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
- Donostiako oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
- EUDELeko Gizarte Zerbitzuen ordezkaritza
- Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia
-
2016-11-15
Comentario de Twitter:
Protocolo de Prevención y Actuación en el ambito educativo ante situaciones de posible desprotección y maltrato,... https://t.co/yTpq2VA1PF