Zer eskatzen diozu 2025ari?
qrcode

Hasi da Paris 2024ko Jokoetarako atzerako kontaketa eta euskal ordezkaritza azken hamarkadetako jendetsuena izango da (Gobernu Bilera 2024-07-23)

2024-07-23

Euskal Autonomia Erkidegoko 33 kirolari lehiatuko dira Pariseko hiriburuko Joko Olinpikoetan uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean, eta horietatik %54,54 emakumeak izango dira

Atlanta 1996az geroztik, euskal parte-hartzerik mardulena izango da

Getxo, 2024ko uztailaren 17a. Euskal Autonomia Erkidegoak kirolaren, jarduera fisikoaren eta, batez ere, goi-mailako kirolaren esparruan duen indarra eta ahalmena erakusten jarraituko du, 2024ko Parisko Jokoetan parte hartuko duten kirolarien ordezkaritza zabalari esker.

Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean jokatuko diren Joko Olinpikoetan, Euskadik 33 kirolari izango ditu, eta horiei beste kopuru handi bat gehituko zaie, dozena bat parte-hartzaile baino gehiago, abuztuaren 28tik irailaren 8ra egingo diren Joko Paralinpikoetan.

Iragarpen guztien aurka, azken hamarkadetako euskal partaidetzarik zabalenetakoa da. Euskadiko jaiotza-tasaren jaitsierak goi-mailako kirolarien kopuruak hitzordu olinpikoetan behera egingo zuela iradokitzen zuen, eta joera hori 2021eko Tokioko hitzorduan agertu zela zirudien, 20 kirolari lehiatu baitziren. Hala ere, aurtengo kopuruak (33 lehiakide) aise gainditzen ditu 2008ko Beijingeko 24 parte-hartzaileak, 2012ko Londresko 25ak, 2016ko Rio de Janeiroko 26ak eta lehen aipatutako 2021eko 20ak.

Paris 2024koa Aro Modernoko (1896-2024) hirugarren euskal ordezkaritza olinpiko altuena izango da, 1992ko Bartzelonako Jokoetan (44 parte-hartzaile) eta 1996ko Atlantako Jokoetan (38 parte-hartzaile) bakarrik gainditu zena. 2024ko Parisko Jokoetarako Estatuan sailkatutako 382 kirolarietatik %8,63 dira euskaldunak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak espainiar Estatukoekin alderatuz gero osatzen den %4,6ko biztanle-ratioa gaindituz.

Emakumeen parte-hartzeari dagokionez, Euskadiren kasuan altua izaten jarraitzen du, eta igo egiten da Tokio 2021eko Jokoen aldean. Covid-19aren pandemiagatik atzeratutako Jokoetan, 20 parte-hartzaileetatik 12 gizonezkoak izan ziren eta 8 emakumezkoak (%40). Paris 2024koak izango dira kirolariei dagokienez parekotasun osoa izango duten historiako lehen Jokoak. Euskadik datu hori hobetuko du, Erkidegoko 33 parte-hartzaileetatik 18 emakumezkoak izango baitira (%54,54) eta 15 gizonezkoak (%45,45).

Gipuzkoa izango da kirolari gehien izango dituen lurraldea (17), ondoren Bizkaia (12) eta azkenik Araba (4).

Kirolariak 14 kiroletan izango ditugu (15 modalitate). Futbola da lehiakide gehien dituen kirola (5+1 erreserba). Hala ere, oso esanguratsua da Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, Basque Team Fundazioaren bidez, euskal federazioen laguntzarekin bikaintasun-proiektuak garatzeko aukeratutako diziplinetan parte-hartzaileen kopuruak izan duen gorakada. Kirol jakin batzuetan apustu sendoa egin da eta fruituak jaso dira orain. Piraguismoaren kasuan, adibidez, garbia da aipatutakoa; 2007an Fundazioaren sorreraren aurretik ere, sostengu handia eman zaiola diziplina horri. Surfaren eta skatearen kasuetan ere lan garrantzitsua egin da azken bi ziklo olinpikoetan. Estatuak surfean duen parte-hartzearen % 100 euskalduna da, Tahitin lehiatuko diren hiru surflariak gipuzkoarrak baitira, eta Estatuak skatean duen parte-hartzearen %40 ere euskalduna da, konbinatuko bost kideetatik bi euskaldunak baitira.

Informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/94825-los-juegos-paris-2024-contaran-con-representacion-deportistas-vascos-vascas-mas-numerosa-las-ultimas-decadas

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko