Muskizko institutua handitzeko lanak aurrera doaz
- Hezkuntza Sailak 8,7 milioi euroko inbertsioa egin du Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko eraikin berria altxatzeko
- Iazko udan hasi ziren lanak eta 2024ko udaberrirako amaituta izatea aurreikusten da
- Egiten ari den eraikin berriak DBHko 4 lerro eta Batxilergoko 2 hartuko ditu
Iñaki Orbe Hezkuntzako Bizkaiko Lurralde ordezkariak, Ainara Leiba Muskizko alkatearekin batera, Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutua (IES Muskiz BHI) bisitatu du gaur goizean. Bertan, hura handitzeko eraikin berri bat egiten ari da Hezkuntza Saila, DBHko 4 lerro eta Batxilergoko 2 hartuko dituena.
Bisitaldian, Orbek eta Leibak eraikin berria jasotzeko lanen bilakaera jarraitu ahal izan dute; guztira 4.262 metro koadroko azalera eraikia izango du. Hezkuntza Saila 8,7 milioi euroko (BEZa barne) inbertsioa eginda ari da proiektu hau bultzatzen.
Obrak iazko udan hasi ziren eta 18 hilabeteko epea dute egiteko; beraz, 2024ko udaberrian Muskizek Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berri bat izatea aurreikusten da.
Egurrez eraikia
Muskiz BHI munduan hedatuen dagoen eta onartuena den energia-efizientziako eraikuntza-estandar bati jarraikiz ari dira eraikitzen: Passivhaus estandarra. Isolamendu termiko handia, infiltrazio-kontrol zorrotza eta barneko airearen kalitaterik onena duten eraikuntzak altxatzean datza Passivhaus. Gainera, eguzkiaren energia aprobetxatzen du, klimatizazio hobea lortzeko. Horrek guztiak nabarmen murrizten du energiaren kontsumoa.
Muskizko institutu berria eraikin trinko gisa ari dira eraikitzen, eta oinplanoan “T” forma izango du. Egurrezko panel kontralaminatuen bidez osatutako egitura izango du, ingurumenarekiko errespetuaren aldeko eta eraikina erabiliko duten pertsonen erosotasunaren eta osasunaren aldeko apustua egiten duen sistema. Honako ezaugarri hauek ditu sistema honek, besteak beste:
- Bioeraikuntza: egurrak inguruneko hezetasuna erregulatzen du, aireko substantzia kaltegarriak xurgatzen ditu eta energia estatikoa eta atmosferara igortzen den CO2a nabarmen murrizten ditu. Hala, espazio garbiak eta atseginak sortzen ditu, ikastetxe batean nahi den girorako aproposak.
- Isolamendu termiko eta akustiko ona: egurrak zarataren indargabetze akustiko onak izateko aukera ematen du (airekoa eta inpaktukoa), eta soinu-absortzioaren koefiziente altua du.
- Balio ekologiko handia: fabrikaziorako erabilitako lehengaiak zaintza-katea bermatzen duten baso-ustiapen ekologikoetatik datoz. Gainera, egurrak karbonoa biltzen du eraikinetan, atmosferara igorri beharrean; energiaren eta klimaren balantze positiboa duen eraikuntzako material bakarra da.