Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak azpimarratu du sexu- eta ugalketa-eskubideen babesa funtsezkoa dela pertsonen osasunerako eta ongizaterako

2022-09-12
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eskubideen bermean eta errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzearen aldeko apustua egin du Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio irailaren 12an eta 13an egingo den Elkarrizketa Parlamentarioaren Jardunaldiak 2022. Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak, krisi humanitarioak eta nazioarteko lankidetza izeneko topaketari. Topaketa honek Europako herrialdeetako legebiltzarkideak bilduko ditu eta gatazketan edo krisi humanitarioetan pertsona guztiek osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak eskura izatea bermatuko duten proposamenak koordinatzea eta egoeraren analisia partekatzea du helburu.

Bere hitzaldian, Lehendakariak azpimarratu du sexu- eta ugalketa-eskubideak babestea funtsezkoa dela pertsonen osasunerako eta ongizaterako, eskubide horiek osasunarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin, informazioarekin eta hezkuntzarekin eta emakumeen eta nesken ahalduntzearekin zerikusia dutelarik. “Eskubide horiek bermatzea funtsezkoa da eta bizitzak salbatzen ditu. Bereziki testuinguru humanitarioetan edo gatazka armatuetan, hala nola mundu osoan eta, orain, Europaren bihotzean ezagutzen ari garenetan. “Amen heriotza-arrisku handia, nahi gabeko haurdunaldiak, abortu arriskutsuak, sexu-transmisiozko infekzioak edo emakumeen aurkako sexu-indarkeria duten gatazkak”, zehaztu du.

Hala, Lehendakariak “aurrera egiten jarraitzeko” beharra agertu du; izan ere, berdintasuna eta eskubideen defentsa lortzeko, Iñigo Urkulluren hitzetan, beharrezkoa da, eskubideen alde egingo duten legeez gain, gizarte osoaren borondate bateratua izatea, balioak aldatzeko eta agertoki zuzenagoetarantz aurrera egiteko. Ildo horretan, Euskadin bultzatzen den Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko Herri-Ituna nabarmendu du. “Badakigu berdintasunaren, indarkeria ezabatzearen eta eskubideak errespetatzearen helburuak konpromisoa eta denon lana eskatzen dituela. Erabakiak askatasun osoz hartzeko, sexu-hezkuntza integratua sustatzeko edo emakumeen, emakume bakoitzaren eta emakume guztien erabaki autonomoak babesteko aukera bermatu behar da”, adierazi du.

“Ez dugu inoiz ahaztu behar gure gizarteen eraikuntza eskubideetan oinarritu behar dela. Eskubideen oinarrien gainean bakarrik eraiki ahal izango dugu mundu hobea, iraunkorragoa eta justuagoa”, amaitu du.

Gasteizko Villa Suso jauregian egindako irekiera ekitaldian Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria ere izan dira, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)