Zer eskatzen diozu 2025ari?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak 2018ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Eugene Chulkov fisikariari

2019-06-11
  • Aurtengo epaimahaiak nabarmendu du, Chulkov irakasleak Euskadin sortu eta zuzendu izana materia kondentsatuaren fisika teorikoan nazioartean erreferente bilakatu den ikertaldea

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, 2018ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Eugene Chulkov fisikari eta UPV/EHUko Materialen Fisika Saileko Katedradunari, Lehendakaritzaren egoitzan izan den ekitaldian.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan –hau da 2018ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak.

Euskadi Ikerkuntza Sariaren 23. edizio honetan, entzute handiko honako bost aditu hauek osatu dute epaimahaia: Luis Oro Giral, Zaragozako Unibertsitateko Kimika Ez-organikoko Katedradunak; Marta Sanz Solé, Bartzelonako Unibertsitateko Matematika Katedradunak; Javier Tejada Palacios, Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultateko Materia Kondentsatuko Fisikako Katedradunak; Manuel Tuñón de Lara, neurologiako mediku espezialista eta Bordeleko Unibertsitateko presidenteak; eta María Vallet Regi,

Madrilgo Complutense Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organikoko Katedradunak.

Evgueni Vladimirovich Tchoulkov Savkin

Eugene V. Chulkov irakaslea (Ryazan eskualdea, Errusia, 1950) UPV/EHUko Materialen Fisika Saileko katedraduna da (2003) eta Materials Physics Center-eko (MPC) eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzailea. Euskadin burutu duen ikerketa-ibilbide oparoan ekarpen esanguratsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan.

Chulkov irakaslearen lana hainbat esperimenturen jatorri izan da, kuasipartikulen eszitazioen desintegrazioaren mekanismoak eta batez besteko bizi-denborak, tunel espektroskopia eta angeluz bereizitako fotoemisio-espektroskopia ikertzeko.

Chulkov irakasleak Errusiako Tomsk-eko Unibertsitate Estataleko Zientzia Fisiko-Matematikoetako gradua eta doktoregoa eskuratu zituen, eta Euskadirekin 1995ean hasi zen harremanak izaten, UPV/EHUn irakasle gonbidatu gisa egonaldi bat egin ondoren, gainazal metalikoetan elektroien dinamikaren inguruko proiektua garatzeko. Proiektua arrakastatsua izan zen eta horrek sendotu egin zuen Chulkov irakaslearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko harremana; 2000. urtetik aurrera kontratu-harremana du eta harrezkero Donostia International Physics Center abiarazten lagundu zuen, mundu osoan kuasipartikulen dinamikaren eremuko fisikari eta kimikarientzat erakarpen-polo gisa. Horrela, lankidetza estuak izan dira Europako, Estatu Batuetako eta Japoniako talde esperimental eta teoriko ugarirekin.

Eskola sortzea

Chulkov irakaslearen ekarpen zientifiko huts horiez gainera, zientzia egiteko duen moduaren alderdi oso esanguratsua ere nabarmendu du epaimahaiak: eskola sortzea. Urte hauetan, Chulkov irakaslea bere inguruan langile ikertzaileen nukleo esanguratsua eratzeko eta biltzeko gai izan da, mundu osoko puntako berrogeita hamar ikertzaile baino gehiago; DIPCra eta Donostia-San Sebastiánera bikaintasuneko eskola horrek erakarrita datoz, eta, horrela, hiria bikaintasuneko talentuaren erakarpen-polo bilakatzen da.

Epaimahaiak Eugene V. Chulkov irakaslean bere irakasle- eta ikertzaile-ibilbidea azpimarratu du, bai eta materia kondentsatuaren fisika teorikoan nazioartean erreferente bilakatu den ikertaldea sortu eta zuzentzea ere. Bestalde, bere ikerketa-lana ere nabarmendu du; hura goi-mailako eta inpaktu handiko hainbat argitalpenetan islatu da. Horrez gain, hitzaldi nagusi ugari eman izana eta nazio- eta nazioarte-mailako hainbat proiektutan ikertzaile nagusi gisa parte hartu izana ere nabarmendu du. Saridunak aparteko ekarpena egin die egoera solidoaren fisikaren eta gainazalen fisikaren azterlanari eta Euskadin bikaintasun zientifikoko eskola ospetsuaren sorrerari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)