Artolazabal eta 23 GGKEtako ordezkariak: topaketa Barrian, udan Asiako, Afrikako eta Amerikako gizarte-lanak egingo dituzten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako 100 kideekin
- 620 gazte aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen Euskadiko Gazteak Lankidetzan udako programetara; % 82,73 neska
- Azkenik, 100 hautatu dira, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin elkarrizketa xeheak egin ondoren
Barria, 19 03 31
Gaur, igandean, Barriako aterpetxean, Araban, udako hilabeteetan Asia, Afrika eta Amerikako herrialdeetan garapenerako lankidetzako jarduerak egiteko abenduan aurkeztu ziren 620 gazteen artean 100 gazteak aukeratzeko prozesuaren amaiera izan da. Beatriz Artolazabal sailburuak, programak antolatzen dituzten 23 GGKEetako ordezkariekin batera, horiek guztiak “jarduerak egiteko dagozkien herrialdeetara euskal gazteen bereizgarri diren printzipio humanista eta solidarioen berri ematera” animatu ditu.
Pasa den martxoaren 15ean, Barrian, parte-hartzaileak eta horien erreserbak hautatzeko azken fasea egin zen, programan parte hartzen duten GKEen arduradunek eginiko zenbait elkarrizketaren eta jardueraren ondoren. Beatriz Artolazabalek, Marcos Muro sailburuordearekin, eta Paul Ortega Garapenerako Lankidetzako zuzendariarekin batera, hautatutako gazteekin udako hilabeteetan lan altruista hori zergatik egingo duten komentatu dute.
Euskadiko 620 gazte aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun plazatarako egin duen hautaketara; bertako parte-hartzaileek, udako hiru hilabeteetan garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek Asian, Afrikan eta Amerikan egiten dituzten programetan laguntzeko eginkizunetan parte hartuko dute. 1989aren eta 1997aren artean jaiotako 620 euskal gazte horien artean, 503 emakumeak ziren (% 82,74).
Euskadiko kooperanteen taldeak udako hiru hilabetez partaide izango dituzten jardueretan, honako eginkizun hauek izango dituzte: uraren eta saneamenduen hornikuntzak hobetzea, haurrei irakastea, emakumeak ahaldundu eta prestakuntza ematea, azpiegitura, osasun-prestakuntza, adinekoei arreta ematea edo irakaskuntza-zentroak prestatzea. GGKEen proiektuen helmugako herrialdeak honako hauek izango dira: Kolonbia, Peru, Filipinak, Guatemala, Honduras, Bolivia, Ekuador, India, Haiti, Senegal, Mozanbike, Kamerun eta Mexiko.
Eusko Jaurlaritzak babestutako laguntza-proiektuak antolatzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak honako hauek dira: Edex Centro de Recursos Comunitarios, Hermanas Pasionistas, Serso San Viator de Euskal Herria, Foro Rural Mundial, Fundación Ayuda Más, Xenofobiaren Aurka Taldea, Berdinak gara, Solidaridad Internacional, Haurralde Fundación, Arquitectos sin Fronteras, Fundación Benito Menni, Medicus Mundi Bizkaia, Ayuda en Acción, Egoaizia, Asociación Africanista Manuel Iradier, Taupadak, Mozambique sur, Juan Ciudad Fundazioa GGKE, Fundación Jóvenes y Desarrollo, ACPP Asamblea de Cooperación por la Paz, Asociación Oscarte eta Fundación la Valmuza.