1922 pertsonak egin dituzte Udaltzaingoaren bigarren LEP bateratuko lehen hautaketa-probak BECen
- Euskadiko 26 udalerritan eskainitako 226 plazetako bat lortu nahi dute
Euskadiko 26 udalerrik Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteei dagokienez dituzten premiei erantzuteko eskaini dituzten 226 plazetako bat lortu nahi duten 1922 pertsona (1428 gizon eta 494 emakume) bildu dira gaur goizean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerreko 2. pabiloian. Segurtasun Sailak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin, eta –EUDEL- Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, inplikatutako udalekiko kudeaketa-mandatu bati esker bigarren urtez jarraian egin duen hautaketa-prozesuan, guztira 2.660 pertsonak eman zuten izena.
Udaltzaingoko oinarrizko eskalako 226 plaza bete behar dira Euskadiko 26 udalerritan. Eskainitako plazen artean, hiru euskal hiriburuetakoak daude lehen aldiz (110 Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian). Plaza horiei honako udalerri hauetakoak gaineratu behar zaizkie: Portugalete (12), Sestao (9), Barakaldo (8), Santurtzi (6), Eibar (5), Bergara (4), Plentzia (3), Zumaia (3), Elgoibar (3), Gernika (3), Erandio (2), Mungia (2), Berango (2), Abanto-Zierbena (2), Zornotza (2), Amurrio (1), Legazpi (1), Balmaseda (1), Beasain (1), Basauri (1), Ordizia (2), Pasaia (3) eta Ermua (4).
Oinarrizko eskalako agente izateko plaza bat lortu nahi duten pertsonek ezagutza teorikoei buruzko proba, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketaz osatutako proba psikoteknikoa eta nortasuna ebaluatzeko beste proba bat egin dituzte gaur. Proba horien emaitzak ezagutu ondoren, fase hori gainditzen duten pertsonek proba fisikoak (urriko lehen astean seguruenik) eta elkarrizketak (bigarren hamabostaldian) egingo dituzte.
Oposizio-lehiaketaren atalean, Udaltzaingoko gorputzetan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Euskaraz jakitea meritu gisa baloratuko zaie lortu nahi duten plazarako eskatutakoa baino hizkuntza-eskakizun handiagoa egiaztatu duten pertsonei.
Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente izan nahi duten pertsonek zazpi hilabeteko prestakuntzaldia hasiko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, 2019ko urtarrilean. Ondoren, gutxienez 12 hilabeteko iraupena izango duen praktikaldi bat hasiko dute.