Gazteen langabeziaren beherakada berretsi egiten da eta jada 2010eko balioetan dabil
- 2017ko lehen hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 39,3 lanean ari da
EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen jarduera, okupazio eta langabezi tasak aztertu ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Horretarako, Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) inkestaren 16 eta 29 urte bitarteko biztanleei buruzko datuak erabili dira. EUSTATek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin prestatzen du BJA.
Jarduera-tasak zera adierazten du: adin talde batean zenbat pertsona dauden lan egiteko moduan. Lanean daudenak eta lan bila dabiltzan langabetuak sartzen dira multzo horretan eta dagokion adin taldeko biztanleria osoaren arabera kalkulatzen da portzentajea.
2017ko lehen hiruhilekoan Euskadiko gazteen jarduera-tasa % 48,4koa da, hau da, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko 100 gaztetatik ia 48 lanean ari dira, edo lan egiteko moduan daude eta lan bila dabiltza.
Euskadiko gazteen jarduera tasa beherantz joan da azken urteotan: 2006ean % 59,2koa zen eta % 48,4koa 2017ko hasieran. 16 urteko eta adin horretatik gorako biztanleen jarduera-tasa bere horretan izan da azken urteotan, gutxi gorabehera, gazteena ez bezala, eta gaur egun % 56koa da.
Okupazio-tasak adin-tarte jakin batean lanean dauden pertsonen ehunekoa adierazten du. EAEko gazteen enplegu-tasa % 39,3koa da 2017ko lehen hiruhilekoan. Horrek esan nahi du EAEn 16 eta 29 urte bitarteko adina duten 100 lagunetik 39 lanean ari direla une honetan.
Okupazio tasak 2016ko batez bestetik bi puntu gora egin du eta horrek, zenbaki absolutuetan, 104.600 gazte lanean ari direla dakar. Okupazio tasa Gipuzkoan Araban baino altuagoa da (% 40,4 eta % 37,8, hurrenez hurren). Bizkaia, ostera, Euskadiren batez bestekoaren parean dago (% 39,1).
2017ko lehen hirulekoan gizon gazteen okupazio tasa neska gazteena baino altuagoa da (% 41,4 eta % 37,3 hurrenez hurren); honek azken urteotako joeraren eraldaketa ekarri du. Langabezia-tasak hauxe adierazten du: lanik ez duten baina lan egiteko moduan dauden eta lan bila aktiboki dabiltzan pertsona aktiboen ehunekoa (azken lau asteetan lana biltzeko gestioren bat egin dute). Definizio horretan ez dira sartzen ikasleak ezta lan egin ezin duten ezinduak ere.
2017ko lehen hirulekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezi tasak nabarmen egin du behera 2015ean hasi zen joeratik gaur egunera. Hiruhileko honetan gazteen langabezi tasa % 18,7koa da, hau da, 24.000 gazte.
2007tik lehenengo aldiz, emakume gazteen langabezi tasa gizon gazteena baino altuagoa da. Neskena % 19,7 da, gizonena, aldiz, % 17,8 da. Lurralde historikoei dagokienez, Gipuzkoaren langabezi tasa nabarmen baxuagoa da (% 16,6). Bizkaiakoa % 19,6koa da eta Arabarena % 20,2koa.
Gazteen langabezia-tasa biztanleria guztiarenarekin alderatzen badugu zera ikus dezakegu: azken hamarkadan ez bezala, gazteenak ez biztanleria guztiarena bikoitzen (%11,4). Gaur egun, bi adin-taldeen arteko aldea 7 puntukoa da.
Beste aldetik, EAEko gazteen langabezi tasa estatuko gazteenarekin alderatzen badugu, estatuko gazteen egoera nahiko txarragoa dela ikus dezakegu: estatuko gazteen langabezia-tasa 2016ko laugarren hiruhilekoan % 31,7koa izan da, 2017ko lehen hiruhilekoan Euskadiko gazteena baino 13 puntu gora.