Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

HAKOBA pozik azaldu da Espainiako Gobernu Ordezkaritzak aurkeztutako helegiteen inguruan izan diren azken sententziekin

2015-09-23
  • Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak bilera egin du gaur arratsaldez Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan
  • HAKOBAk albiste itxaropentsutzat jo ditu, euskaraz soilik aurkezturiko udal aktei Gobernuaren Ordezkaritzak jarritako helegiteen inguruan berriki izan diren sententziak

HAKOBA, Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak, bilera egin du gaur arratsaldez Gasteizen euskararen erabileraren normalizaziorekin zerikusia duten hainbat gai aztertzeko, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrrika buru izan dela. Bileran parte hartzaile izan dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste zenbait kide, Ekonomia eta Ogasun Sailekoak, IVAP eta HABEko ordezkariak, bai eta HAKOBAn ordezkaritza duten gainerako erakundeetako kideak ere: Bizkaiko Foru Aldunditik, Lorea Bilbao Kultura eta Euskara Foru Diputatua; Gipuzkoakotik Mikel Irizar Hizkuntza-berdintasunerako zuzendaria; Donostiako Udaletik Miren Azkarate Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia; Bilboko Udaletik, Jone Unzueta Hezkuntza eta Euskara zuzendaria; Gasteizko Udaletik Iñaki Prusilla, Euskara zinegotzia; Koldo Iturbe EUDELen ordezkaritzan, eta baita UEMAko ordezkariak ere.

Aztergai izan diren beste zenbait gairekin batera, bileran ardatz nagusietako bat izan dira Donostiako 3. zenbakiko Auzitegiak, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkariak 24 udalen kontra jarri zituen helegiteen inguruan berriki eman dituen sententziak. Ordezkaritzak, udal-aktetan euskara soilik erabiltzea legez kontrakoa zela argudiatzen zuen helegite horietan. Eusko Jaurlaritza horietako bost kasutan pertsonatu zen, zenbait udal interesdunek hala proposatuta. Joan zen astean Donostiako Auzitegiak ezetsi egin zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak aurkezturiko helegitea eta beraz, Estatuko Administrazioak Amezketa, Arama, Bergara, Elgeta eta Gaintzako udalen kontrako auzibideetan erabilitako tesiak ere ezetsi egin zituen. Horrela bada, egiaztatua gelditu da bat etortze handiak daudela aipaturiko sententzia horiek jasotzen dituzten oinarri juridikoen artean eta Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko legezkotasun-txostenean jasotzen diren argudioen artean.

HAKOBAk poza azaldu du sententzia honen aurrean, Euskararen Legearekin bat eginez, gure Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabateko baliozkotasuna aitortzen baitu. Batzordearen iritzian, beraz,, albiste ona da, berri itxaropentsua, erakundeen arteko harremanetan hizkuntza bat zein bestea erabiltzea ahalbidetzen duena, agiri ofizialetan bi hizkuntzak erabiltzeko beharrik gabe. Alde horretatik, gogorarazi beharrekoa da hizkuntza eskubideen jabe herritarrak direla, eta administrazioei dagokiela eskubide horiek betetzea nahiz betearaztea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)