Euskadik bere esperientzia arrakastatsua partekatu du Bulego Judizial Berriari buruzko erkidegoen bileran
Justizia Ministerioko eta BJKNko ordezkariak eta Euskadi, Katalunia, Galizia, Valentzia, Kanariak, Andaluzia, Nafarroa, Madril, Asturias, Kantabria, Aragoi eta Errioxako gobernuetako ordezkariak bildu dira Bilbon
Eusko Jaurlaritzak bulego judizial berria ezartzeko eskura duen informazio baliagarri guztia (azterlanak, arau-testuak, eta abar) eta jardunbidea jakinarazi die
Bulego Judizial Berriari buruzko lan-jardunaldi batean, Justizia Ministerioarekin eta eskumenak transferituta dituzten autonomia erkidegoekin partekatu du gaur Euskadik bere esperientzia arrakastatsua. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egin da bilera eta bertan bildu dira Justizia Ministerioko eta BJKNko ordezkariak eta Euskadi, Katalunia, Galizia, Valentzia, Kanariak, Andaluzia, Nafarroa, Madril, Asturias, Kantabria, Aragoi eta Errioxako gobernuetako ordezkariak.
Bileraren xedea izan da, esperientzia abiapuntu hartuta, BJBren ezarpenari buruz denen artean hausnarketa egitea, egitura berriaren ekarpenak azpimarratzea, sortutako zailtasunak (legearekin lotutakoak, batez ere) mahai gainean jartzea, eta horiei irtenbidea eman edota arintzeko hartutako neurriak partekatzea. Horrela, justiziako eskumenak transferituta dituzten Administrazioek, Bulego Judizial Berria eratzeko direnek, alegia, aldez aurretik ezagutuko dute ibilbidea, ekarpenak eta aurkituko dituzten zailtasunak.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak duen informazio baliagarri guztia (azterlanak, arau-testuak, eta abar) eta jardunbidea ere (batzordeak, kalitatearen kudeaketa-sistema, eta abar) jarri die eskura.
Atsedenaldia eta gero, bilerak hainbat gairi buruzko eztabaidarekin egin du aurrera, hala nola Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalen (ZULUP) antolaketa eta oinarrizko dotazioa, giza baliabideen arloan gerta litezkeen lege-aldaketak, eta Erregistro Zibilaren Legeak bulego judizialean eta justizia administrazioan izan dezakeen eragina.
Ondorioetara iritsita, UPADak antolatzeko eskumena eskatu dute, gaur egun autonomia-erkidegoek ez baitaukate haiekiko eskumenik, baina haiek baitira antolakuntza-egitura berria ezartzeko oztopo nagusia. Eskumen hori hartuz gero eta instantziako auzitegien onarpena iritsiz gero, bi gauza lortu ahal izango lirateke: UPADetako egitura bateratzea; eta gaur egun Zerbitzu Erkide Prozesaletan daukatenaren antzeko aginte-katea sustatzea.
Euskadiko emaitzak
Justizia Sailburuordetzak 'Amurrio, Azpeitia, Eibar, Getxo eta Irunen BJB ezartzeari buruzko alderaketa txostena, 2010-2011' prestatu du. Bertan erakusten da Bulego Judizial Berria (BJB) ezarri zuten lehenengo bost barruti judizialetan egindako agirien kopuruak izan duen bilakaera. Dokumentuak ateratzen duen ondorioa da esandako ezartze horrek, atzerapen bat ekarri beharrean, gora egite bat ekarri zuela agiriak egitean eta ZULUPetan (Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesaletan) eta zerbitzu erkide prozesaletako betearazpen ataletan destino duten pertsonen produktibitatean.
Hain zuzen ere, egindako agirien kopuruak % 11,33 egin zuen gora, 541.056tik (2010ean) 602.346ra (2011n). Portzentajearen arabera izandako igoerarik handiena Azpeitiak (% 26,65) eta Amurriok (% 20,28) izan zuten, Eibarren (% 4,11), berriz, egindako agirien kopuruaren igoera txikiena izan zen.
Batez besteko produktibitate orokorra 2011n 1.227 dokumentu pertsonako eta hiruhilekokoa izan zen eta Azpeitia (pertsonako eta hiruhilekoko 1.632 dokumentuekin) izan zen produktibitate handiagoa izan zuen barruti judiziala. Horren atzetik, Irun (1.310), Eibar (1.184), Getxo (1.089) eta Amurrio (1.076) izan ziren.
Jurisdikzioen arabera, jurisdikzio zibilean (% 19,66) eta zigor arloko jurisdikzioan (% 2,74) egindako agirien kopuruak gora egin zuen, lan-arloko jurisdikzioan (% 3,18), berriz, kopuruak behera egin zuen.
Era berean, zerbitzu erkide prozesaletako betearazpen atalek egindako agirien kopurua aurreko urtekoa baino % 50,45 handiagoa izan zen, ZULUPek (Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalek) egindako agirien igoera, berriz, % 3,37 izan zen.
Durangon, Gernikan, Tolosan eta Bergaran, BJB 2011. urte amaieran ezarri zen, eta orduz gero, hiru hilabetetan besterik ez, zibileko exekuzioan ebazteke zegoen zerrenda % 8 murriztu da (4.789 exekuziotatik, 4.408ra igaro da).
Prestakuntza. 2011ko Justiziako Praktika Onen Saria
Prestakuntza giltzarria da bulego judizial berri bat ezartzeko orduan, ez bakarrik egin beharreko aldaketa prozesalak aintzat hartuta, baizik eta, BJBek eskatzen duen antolamendu-aldaketaren osagarri gisa, batez ere. Hori dela eta, arlo hauei buruzko prestakuntza berezia eskaintzea aurreikusi da: zuzendaritzagaitasunak, buruzagitza, talde-lana eta kalitatearen kudeaketa. Prestakuntza hori zerbitzu erkideetako idazkari judizialei eta kudeatzaile arduradunei zuzendu zaie, izan ere, bi lanpostu horietan biltzen baita antolamendu berria bultzatzeko erantzukizuna. Zuzendaritzarako prestakuntza hori jaso dute, orobat, gobernuidazkariak, idazkari koordinatzaileek eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzako ordezkari batzuek ere.
Gainera, BJBA ezartzeak pertsona-mugimendu handia dakarrenez gero eta horrek, sarri askotan, prestakuntza-beharra sortzen duenez gero (lan berria ahal bezain eraginkorki egiteko), Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak prestakuntzan egiten duen ahalegina areagotu du, bitarteko funtzionarioekin, bereziki, bana-banako tutoretzen eta on-line prestakuntzaren bidez. Hain zuzen ere, jarduera horiei esker jaso zuen Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak 2011ko Justiziako Praktika Onen Saria, Justizia Ministerioak eman ohi duena. Antolamendu- eta kudeaketa-arloarekin lotutako kategorian eman zioten, zehazki, proiektu honekin: 'Berrikuntza prestakuntzan eta ezagueren kudeaketan: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Herri Administrazio Sailaren bana-banako tutoretzak lanpostuan eta on-line prestakuntzaikastaroak'.
Zerbitzu-gutunak
Antolaketa berriak lan egiteko besto modu bat sartu du Zerbitzu Erkide Prozesaletan (orokarretan eta exekuziokoetan). Lan-modu hori printzipio jakin batzuetan eta metologia sistemiko batean oinarriturik dago. Printzipioen artean, derrigor aipatu beharrekoa da orain herritarra erabiltzaile modura ikusten dela, eta horrek esan nahi duela zerbitzu bat eskaini behar zaiola eta harekiko eta gainerako erabiltzaileekiko konpromiso batzuk hartu behar direla. Zerbitzu-kartak izango lirateke erreferentzia, adierazle aplikagarri batzuk behar dituztelako, eta adierazle horiei jarraipena egin behar zaielako. Metodologia berriak kalitatea kudeatzeko beste sistema bat dakar, ISO 9001:2008 arauaren antzekoa: prozesukako kudeaketa eta etengabego hobekuntza. Gaur egun, ezarri diren lehen bost lekuetan, Zerbitzu Erkide Prozesalek zerbitzu-gutunak eskaintzen dituzte jada, eta 2011. urte amaneran egindako ezarpenei buruzkoak, berriz, datorren urtetik aurrera eskainiko dira.