http://irekia.euskadi.eus/eu/pages/10049

Irekia

Gobernu Irekia: jardunbide egokien gida, Interneteko intimitateari eta pibatutasunari buruzkoa

Gida honetan ezartzen dira Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekiaren arloko Interneteko pribatutasunarekin eta intimitatearekin lotutako jardunbide egokiak.

Gobernu Irekiaren Interneteko esparruko pieza erabakigarrienetako bat -gardentasunaz, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeaz edo Herri Administrazioarekin harremanak izateko beharrezkoak diren kanal telematikoak herritarren eskura jartzeaz haraindi (edozein kasutan ere indarrean dagoen araudia betez)- herritarrekin harremanak izatea, beren ekimenak eta kezkak jasotzea eta, gainera, Jaurlaritzaren ekintzen berri ematea da. Elkarrekintza horrek erronka handiak planteatzen ditu pribatutasunaren eta intimitatearen arloan, eta beharrezkoa da Interneten eta gobernu irekiaren alorrean oinarrizko eskubideak babesteko jarraibide argiak ezartzea.

Datu pertsonalen babesa

Eusko Jaurlaritzak badaki datu pertsonalen babesa oinarrizko eskubidea dela, eta, ondorioz, Interneten arloan pribatutasun-politikak (azpi-domeinuak, atariak, sare sozialak, etab.) ezartzen ditu, erreferentziazko araudian ezarritako irizpideak betetzeko.

Datu pertsonalak biltzen edo tratatzen diren domeinu, plataforma edo sare sozial guztietan, erabiltzaileei fitxategiaren titularraren edo erantzulearen berri ematen zaie, baita eskatutako edo bildutako datuen helburuaren berri ere, eta, horrez gain, beren datuetara sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko edo ezeztatzeko eskubidea erabil dezaketela eta beren datuak hirugarren pertsona edo erakundeei laga ahal zaizkiela jakinarazten zaie. Uneoro, erabiltzaileak datu pertsonalen tratamendu horien berri du eta horren kontziente da.

Halaber, politika horietan datu pertsonaletan eragina izan dezaketen ezarpen teknologiko guztien berri ematen da, adibidez, cookieak, bisiten analisirako sistemak, ips datu biltegiratuak, sarrera-erregistroak, etab. eta, gainera, tipologia horretako datuen tratamendurako exijitzen diren segurtasun-neurriak barne hartzen dituzten sistemak betetzen ditu.

Bildutako datu pertsonalak Datuak Babesteko Euskal Bulegoan behar bezala inskribatutako fitxategietan gordetzen dira, Euskadin, estatuan eta Europan indarrean dagoen araudia betez. Erabiltzaileak datuak benetan inskribatuta daudela, erregistroaren titulartasuna eta fitxategien helburua egiazta ditzakete Datu Pertsonalak Babesteko Euskal Bulegoaren Erregistroan.

Pribatutasun-politikei buruzko zalantzaren bat izanez gero, erabiltzaileak helburu horretarako ezarritako esteketan kontsulta ditzake, eta kasuan kasuko webmasterrekin harremanetan jar daiteke, edo, azken instantzian, dagozkion eskubideak erabiliz egokiak diren prozeduretara jo dezake.

Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako eskubidea

Argazkiak, irudiak, bideoak, etab. hartzen, biltzen, tratatzen, argitaratzen edo ezagutzera ematen badira eta horietan pertsonak agertzen badira, Eusko Jaurlaritzak irudiaren eskubideen titularraren baimena jasoko du, edo, egokia bada, argazki, irudi edo bideo horiek plazaratzeko gaitasuna izango du, erreferentziazko araudian jasotako salbuespenen arabera: 1/1982 Lege Organikoa, maiatzaren 5ekoa, Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babesari buruzkoa.

Edozein kasutan ere, Eusko Jaurlaritzaren politika da intimitatea eta pribatutasuna zorroztasunez errespetatzea, eta, beraz, argazki, irudi edo bideo batekin lotutako pertsona batek dokumentu hori ken dadila nahi badu, fitxategia dagoen tokiko arduradunekin harremanetan jar daiteke, lehenbailehen kentzeko.

Halaber, ekitaldiak antolatzen direnean, bertaratuei jakinaraziko zaie litekeena dela irudiak, soinuak, argazkiak, etab. hartzea eta Interneten ekitaldiaren berri emateko argitaratzea, baita Interneteko biltegi batean gordeko direla ere.


Adingabeak

Interneteko pribatutasunaren eta intimitatearen arloko alderdirik garrantzitsuenetako bat adingabeen datu pertsonalekin eta pribatutasunarekin dago lotuta. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza, bere Gobernu Irekiaren politikan, oso sentsibilizaturik dago adin txikiko pertsonek izan behar duten babesarekin, eta bere jarduera guztietan zorrotz beteko du adin txikiko pertsonen araudia, eta 14 urtetik beherako pertsonen datuak jaso nahi badira haien gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien baimena lortu beharko da haien irudi-eskubideari eta intimitate pertsonalari eta familiarenari dagokienez.

 

PRIBATUTASUN - INTIMITATE EREDUAK


Pribatutasun-politikaren eredua - Sare sozialak:

Facebook

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak zera jakinarazten du: Facebookeko erabilera-baldintzak eta pribatutasun-politika betez, orrialde honetako «Atsegin dut» botoia sakatuz gero, pertsona horrek baimena ematen du bere datuetara sartzeko, bere horman agertuko diren berriak argitaratzeko eta mezuak bidaltzeko. Irekiako arduradunek ez dituzte inoiz ere datuok erabiliko aurretik azaldutako helburuak ez diren beste batzuetarako. Erabiltzaileak nahi duenean IREKIAko jarraitzaile izateari utz diezaioke, «ez dut atsegin» botoia sakatuta, eta nahi izanez gero datuak kontsultatzeko, zuzentzeko, ezezteko eta horien kontra egiteko eskubideak balia ditzake ondoko helbidean: Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria Gasteiz

Ekitaldietan irudien grabazioaren/argazkien berri emateko eredua

Bertaratuei eta partaideei jakinarazten zaie ekitaldia grabatu egingo dela eta argazkiak egingo direla; argazki nahiz grabazio horiek Eusko Jaurlaritzaren Interneteko kanal eta plataformetan gorde, argitaratu eta erakutsiko dira. Halaber, bertaratuek datuetara sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabili ahalko dituzte, baita beren ohore, irudi eta intimitate pertsonalaren eta familiarenaren arabera dagozkion beste eskubideak ere, helbide honetan: Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria Gasteiz