Eu

“Kontsumo arduratsua da kanpainaren ardatza”, esan du Kontsumobideren zuzendari Nora Abetek

2017.eko irailak 13

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpaina bat jarri du abian irratian kontsumitzaile eta erabiltzaileei hainbat aholku emateko nahi ez diren egoerei aurrea hartu ahal izateko kontsumo arduratsua egiten dezaten. Kanpainaren bidez lagundu nahi da “kontsumitzaileak gero eta hobeto prestatuta egon daitezen, bai eta behar den informazioa izan dezaten ere”, azaldu du Nora Abetek.

Jarduketa hau egin da Sailari atxikita dagoen Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizunen baitan, bere egitekoa baita herritarrei orientazioa, prestakuntza eta informazioa ematea beren eskubideen eta horiek gauzatzeko moduaren inguruan, eta, aldi berean, baita eskubideak zein diren jakinaraztea ere.

Irratiko iragarkien bidez kontsumoarekin lotutako oinarrizko hainbat alderdi azpimarratzen dira: produktu edo zerbitzu berriak eskuratu aurretik jarrera kritiko eta arduratsua izan behar dela; produktuen etiketak arretaz begiratzeak duen garrantzia; faktura eskatu behar dela iruzurra saihesteko eta garantia ziurtatu ahal izateko; publizitatea gordetzea komeni dela loteslea denez; edo garrantzizkoa dela zerbitzu gehigarririk kontratatu den egiaztatzea zerbitzu batean baja eman aurretik edo hornitzailea aldatu aurretik.

Kanpainan alderdi zehatzak ere sakontzen dira, besteak beste, atzera egiteko eskubidea, urrutiko kontratu bidez edo merkataritza-establezimendu batetik kanpora egindako kontratu bidez erositako produktuak 14 egun naturaleko epean itzultzeko aukera ematen duena; eta merkataritza elektronikoan transakzioak web orri seguruen bidez egitearen garrantzia.

Gainera, ohartarazten da garrantzizkoa dela zuhurtziaz jokatzea etxera etortzen diren saltzaileekin, eta esaten da identifikatzeko eskatu behar zaiela eta inoiz ez zaiola inori eman behar datu pertsonalak dituen edo bestelako informazio nabarmena duen faktura edo dokumenturik. 

Era berean, gogoratzen da, esate baterako, bost urtez behin ikuskatu edo aztertu behar direla gas-instalazioak eta bi urtez behin egin behar direla galdararen edo berogailuaren mantentze-lanak; kontsumoko arbitrajera jo daitekeela gatazkak ebazteko; eta Kontsumobiderekin harremanetan jartzeko hainbat bide daudela kontsumoaren arloan aholkua, prestakuntza eta informazioa behar izanez gero.

Kanpaina irailaren 18tik abenduaren 15era bitartean egongo da abian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak