Eu

Retortillo: “Gasteiz sustatzen jarraituko dugu Euskal Autonomia Erkidego osorako sarrerako atetzat”

2017.eko abuztuak 30

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari elkarrizketa egin diote Gasteiz Irratian

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortilloren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoan turismoa “une egokian” dago hazten jarraitzeko, eta, gainera, modu iraunkorrean, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko lanpostuak sor ditzan. EAEren ezaugarriek horretarako bidea ematen dute. Izan ere, distantzia laburretako helmuga da, askotariko bitartekoak dituena, eta oso egokia da “denbora laburrean gauza asko ezagutu nahi dituen XXI. mendeko turistaren” beharrei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak Araba, Gasteiz hiriburua barne dela, sustatu nahi du Euskal Autonomia Erkidego osorako “sarrerako atetzat”, bertako aireportuaren bidez konektagarritasuna bultzatuta. Horixe esan du gaur Gastiez Irratian egin dioten elkarrizketan.

Udako kanpainaren behin betiko datuak zein diren jakiteke, Sailak konfiantza du aurreikuspenak egokiak izango direla eta abuztua “goranzko zenbakiekin” itxiko dela. Goranzko joera horren isla da jarduera turistikoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko BPGaren % 6 dela adierazten duen datua. Nolanahi ere, oraingo aupada da ostatu-gauen kopurua areagotzea (bi gauetakoa da, batez beste). Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren erronka da baliabide turistikoek elkarri laguntzea; hau da, jarduera turistikoak elkartzea. “Lortu behar da Guggenheimera datorren turistak Arabako Errioxa ere bisitatzea; are, Guggenheimera etortzea Arabako Errioxa ere bisitatu dezakeela dakielako”, gehitu du.

Hain zuzen, helburu horretan egiteko garrantzitsua du Arabak, “hazteko ahalmen” handiko lurraldea baita, sailburuaren iritzian. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu egin du konektagarritasunaren garrantzia, eta lankidetza instituzionalaren alde egiten du Forondako aireportua baliarazteko. “Gasteiz eta bere ingurunea helmugatzat sustatzen jarraituko dugu, Euskal Autonomia Erkidego osorako sarrerako atetzat”, nabarmendu du.

Uda honetan turismoaren inguruan sortutako polemikaren inguruan galdetu diotenean, kexu agertu da “eztabaida distortsionatua” sortu delako eta “muturreko kasuak” erabili direlako, “Euskal Autonomia Erkidegoa Veneziarekin” konparatzen saiatuz. Edonola ere, honako hau nabarmendu du: “eztabaida zabalik zegoen pintadak egin aurretik, eta eztabaidatzen jarraituko dugu”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko abuztuak 30

    Comentario de Twitter:
    [ELKARRIZKETA] Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari elkarrizketa egin diote Gasteiz Irratian ➡ https://t.co/Rcqoa1un0L

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak