Berriak Lehendakaritza
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/2/17)

2017.eko otsailak 17

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko aurrekontu orokorrak onesten dituen lege-proiektuari buruz.  

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du 2017rako aurrekontuen proiektuak hiritarren oinarrizko bi kezkari erantzuten diela, hots, pertsonen funtsezko beharren asetzea bermatzea, eta enplegu-aukerak sortuko dituen hazkuntza iraunkorra sustatzea, "zehaztasun, errealismo eta erantzukizuneko" printzipioen gainean. Hortaz, proiektu honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak ondorengo konpromisoak hartzen ditu: aurrekontua egonkortzeko arauak betetzeko, Administrazio publikoko langileen aurrekontu-plantillak mantentzeko, diru-sarreren aurreikuspenak errespetatzeko, gastu soziala lehenesteko eta ekoizpen-ekonomia laguntzeko konpromisoak.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzaren eta gizartearen lehentasun nagusia “enplegu gehiago eta hobea” lortzea da, Lehendakariak gogoratu duen bezala. Hortaz, 2020. urteari begira, Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren Aldeko Esparru Programara 8.600 milioi euro bideratuko dira, gazteen enpleguaren programetara beste bost milioi euro jartzeko konpromisoa hartuko da, eta berrikuntza bultzatzeko aurrekontuak % 5 haziko dira.

Interpelazioa, Leire Pinedo Bustamante EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kontzertu Ekonomikoa eta kupoa negoziatzeko Jaurlaritzaren estrategiari buruz.  

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak “ahalegin handiagoa egingo du” Kupoaren gaiaren inguruan dauden desadostasunak konpontzeko, batez ere eguneratze-indizearen aplikazioari dagokionean. Eusko Jaurlaritzarentzako eta Lehendakariarentzako gai horrek “lehentasuna” dauka eta euskal agendan dago. Zentzu honetan, akordioa lortzeko aukera dagoela uste Urkulluk. Horren inguruan, Urkulluk azaldu du Estatuarekin elkarrizketarako espazio “zintzoa eta zuhurra” hasi dutela. Izan ere, likidazioaren inguruan desadostasunak aztertzen ari den aldebiko lantaldean jada “aurrerapauso” batzuk eman dira. Gai honi loturik esan behar da, Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, diferentzia hori 1.612 milioi eurokoa dela. 

Lehendakariak eztabaida hori “proposamen positibo eta konstruktibo" bihurtu nahi du, "batzen gaituena" azpimarratzeko: euskal autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa babesteko konpromisoa. Gainera, bere ustez guztion ardura da, eta ez Eusko Jaurlaritzarena bakarrik, Kontzertua eta bere esplikazioa defendatzea. Horregatik, gai honen inguruan pedagogia egiteko dagoen beharra azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak