Eu

Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako aldebiko harremanetarako bidea “lehenbailehen irekitzea” eskatu dio Gobernu espainiarrari, Euskadirentzat interesgarriak diren gai europarrei ere heltzeko

2017.eko otsailak 15
  • Josu Erkorekak proposatu du “Europar Batasunarekin Lotutako Gaietarako Biltzarraren” erregelamenduaren erreformak barnean hartzea xedapen gehigarri bat, Euskadin eragina duten gai europarretan aldebiko Euskadi-Estatua harremana esplizituki onartuko duena.
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzaren “presentzia eraginkorra handitzea” eskatu du Europar Batasuneko Kontseiluan eta Euskadirentzat interes handiko gai sektorialak tratatzen diren organo guztietan, euskal herritarren interes espezifikoak defendatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu, Josu Erkorekak, gaur arratsaldean Senatuan (Madril) egindako “Europar Batasunarekin Lotutako Gaietarako Biltzarraren” (CARUE) 56. bileran parte hartu du.

Koordinazio-organo horretan egin duen agerraldian zehar, Josu Erkorekak Gobernu espainiarrari eskatu dio lehenbailehen dei dezala “Europako Erkidegoekin lotutako Gaietarako Estatuko Administrazioa-Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Aldebiko Lankidetza Batzordea”, 1995eko azaroaren 30ean sortutako organo bat, 2010eko uztailetik bildu gabe dagoena.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, “presazkoa da tresna horiek guztiak biltzea eta aurreikusitako aldebiko Euskadi-Estatua topaketa-foro guztietan lan egitea Euskadirentzat interesgarriak diren gai europarrei heltzeko”. Josu Erkorekak adierazi duenez, bada garaia Gobernu espainiarra “hitzetatik ekintzetara igaro dadin, Euskadiren berezitasuna onar dezan eta bere akordio propioak bete ditzan”.Izan ere, gogoratu du duela 13 urte, 2004an egindako “CARUEren” bilerako akordioetan, klausula bat itundu eta testuetan sartu genuela, eta hor onartzen da “beren autonomia- eta foru-berezitasunaren arabera alderdi berezi bat duten” autonomia-erkidegoek, Euskadiren kasuan bezala, funtzionamendu-araubide berezia eta “aldebikoa” dugula (*).

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak proposatu du topaketan eztabaidatu den “CARUEren” erregelamenduaren erreforman xedapen gehigarri bat sartzea, arau horretan aldebiko Euskadi-Estatua harremana esplizitatuko duena:

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIAREN PROPOSAMENA: “Europako Erkidegoarekin lotutako gaietan parte hartzeko gaiak, soilik autonomia-erkidego bati eragiten diotenak edo harentzat alderdi berezi bat dutenak haien autonomia-berezitasunaren arabera, edozein alderen ekimenez eta elkarren adostasunez tratatuko dira, aldebiko lankidetza-tresnen bidez, 40/2015 Legearen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoaren 153. artikuluan xedatutakoari jarraikiz”.

PARTAIDETZA ERAGINKORRA ETA HANDITUA EUROPAKO ORGANOETAN

Era berean, Eusko Jaurlaritzak “presentzia eraginkorra” eskatu du, Euskadirentzat interes handiko gaiak tratatzen diren foro europar guztietan, batez ere Europar Batasuneko Kontseiluan: “Egia da Europar Batasuneko Kontseiluaren osaketa ezberdin batzuetan parte hartzen dugula, baina ez gaude gure eskumenekoak eta gure interesekoak diren gaiak jorratzen dituzten guztietan. Gainera, parte hartzen dugun horietan, ez dugu beti presentzia eraginkorrik euskal herritarren interesak defendatzeko. Askotan gure presentzia formala da, aukerarik gabe hitza hartzeko edo Euskadiren jarrera adierazteko”.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du Europak onartu egiten duela “eskualde” izenekoen parte hartzea Europar Batasuneko Kontseiluan. Baina aurreikuspen hori, askotan, praktikan, Gobernu espainiarrak ez du onartzen, eta haren ordezkariak soilik hartzen du hitza Estatu osorako jarrera bakar batekin.

Eusko Jaurlaritzak uste du Euskadik Europar Batasuneko Kontseiluan duen parte-hartzea zabaldu beharko litzatekeela, Euskadirentzat interesekoak eta bere eskumenekoak diren Kontseiluaren osaketa ezberdin guztietara, batez ere honako kontseilu hauetan: lehiakortasuna, ekonomia eta finantzak, eta justizia eta segurtasun eta barne gaiak.

 

 (*) 2004ko AKORDIOAREN HITZEZ HITZEKO AIPAMENA. “ARAU BEREZIAK: Akordio honen xede den partaidetzak ez die kalterik egingo lehendik dauden araubideei eta aldebiko tresnei, eta autonomia-erkidego batzuekin egon litezkeenei Europar Batasunarekin lotutako gaietako partaidetza tratatzeko, baldin eta erkidego horiei soilik eragiten badiete edo horientzat alderdi berezi bat badute beren autonomia- eta foru-berezitasunaren arabera".

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko otsailak 15

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco urge al español a abrir las vías de relación bilateral previstas para asuntos europeos de interés➡https://t.co/4kiCqPLLPs