Berriak Osasuna
Eu

Urriaren 17tik abenduaren 17ra bitartean GRIPEAREN AURKAKO 2016ko TXERTAKETA KANPAINA

2016.eko urriak 10
  • Kanpaina 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei, haurdun dauden emakumeei eta osasun-arloko langileei zuzenduta dago. 
  • Osasun Sailaren eta Osakidetzaren esanetan, txertoa da gripeari aurre egiteko eta gaitzak arrisku-taldeetan daudenei eragin diezazkiekeen konplikazioak saihesteko “arma” eraginkor eta seguruena.
  • 380.000 txerto eskuratu dira, eta, behar izanez gero, gehiago eskuratuko dira. Guztira, 1.200.000 euroko inbertsioa egin da.

 

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur aurkeztu du Donostian gripearen aurkako 2016ko txertaketa-kanpaina. Urriaren 17an, astelehenean, hasiko  da eta bi hilabete iraungo du, abenduaren 17ra arte, Osakidetzaren osasun-zentro, anbulatorio eta ospitale guztietan. Sailburuarekin batera ekitaldian izan dira Osakidetzako Osasun Arretako Zuzendari Antonio Arraiza, Euskal Osasun Zerbitzuko Pazientearen Segurtasuneko Koordinatzaile Enrique Peiró eta Groseko Anbulatorioko ikuskatzailea eta erizaina den Garbiñe Suquia.

Sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela txertoa hartzea kanpainaren helburu diren arrisku-taldeentzat: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdun dauden emakumeak. Izan ere, gripea gaixotasun larria izan daiteke pertsona horientzat, eta konplikazioak eta heriotza ere eragin ditzake.

“Gripea –Jon Darpónen esanetan– osasun publikoaren arloko arazo nagusietako bat da, eta urtero errepikatzen da”.  Eta, bestalde, adierazi du, “Euskadi bizi-itxaropen handiena duen gizarteetako bat da, eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren betebeharra da gripeak arrisku-taldeei konplikaziorik ez eragiteko behar diren erremintak erabiltzea. Txertoa, beraz –esan du–, gripeari aurre egiteko armarik eraginkorrena da”.  

Sailburuak txertoa urtero hartzearen garrantzia ere azpimarratu du; izan ere, kanpaina bakoitzean hartzen bada, eta gripearen birusa edo gripe-mota aldatzen joaten denez, immunitatea areagotu egiten da.

Iazko sasoian ere artatu ziren Euskadiko ospitaleetan gripea egiaztatuta ospitaleratu behar izan ziren eta txertoa hartu ez zuten pertsonak. 2015-2016 ekitaldian, konplikazioak izan zituzten eta arrisku-faktoreak zituzten 174 pertsonetatik % 63 gripearen aurkako txertoa hartu gabe zeuden. Haietariko % 38 zainketa intentsiboetako unitatean sartu behar izan ziren. Gainera, ospitaleratutako 22 paziente hil ziren, eta haietariko % 37 ez zeuden txertatuta txertaketa-kanpainak helburu zituen arrisku-taldeetakoak izan arren.

Osasuneko sailburuaren esanetan, datu horiek agerian jartzen dute txertoa hartzeak duen garrantzia eta gizartea prebentzioaren garrantziaz jabetzearen premia. “Txertoa hartzea –azaldu du– geure buruarekin eta ingurukoekin dugun erantzukizunaz jabetzea da”. Argi utzi nahi izan du txertoa segurua eta eraginkorra dela, etakonposizioa urtero egokitzen dela Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) ipar hemisferiorako aurreikusitako birus-anduietara. Sailburuak azpimarratu du iaz 367.000 dosi baino gehiago eman zirela eta 6k bakarrik izan zutela kontrako erreakzioa, larririk batere ez.

Gripearen aurkako kanpaina honetarako 380.000 txerto erosi dira, eta, sailburuak esan duenez, behar izanez gero, dosi gehiago erosiko dira.  Osasun Sailak eta Osakidetzak 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute dosiak erosten.

Amaitu aurretik, Osasuneko sailburuak txertoa hartzera bultzatu ditu osasun arloko langileak, erantzukizun profesionala aldarrikatuz; izan ere, garrantzizkoa da pertsona horiek txertoa hartzea kolektibo estrategikoa direlako eta arrisku-faktorea izan daitezkeelako arrisku-taldeentzat birusaren transmisioan.

 

 Prebentzio neurriak

Gripearen aurrean babesteko beharrezkoa da higiene-neurriak hartzea, Darpón sailburuak azaldu duen bezala; besteak beste, eskuak sarri garbitzea, erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea eta eztula edo doministiku egitean ahoa estaltzea.

 

Zer egin behar da txertoa hartzeko?

65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek ohiko osasun-zentrora joan eta osasun-txartela aurkeztu besterik ez dute; komeni da aurrez telefonoz deitzea. Osasun-zentro eta anbulatorioetako ordutegia malgua izango da, eta kanpainaren premietara moldatuko da.

 

Txertoen estaldura

Iaz 367.000 txertotik gora jarri ziren. Haurdun dauden emakumeen kasuan nabarmena izan zen gorakada eta % 26ra iritsi zen. Giza talde hori duela bi urte jo zen arrisku-taldetzat, eta orduan baino % 20 gehiagok hartu zuten txertoa iaz. Beste bi arrisku-taldeen kasuan, 65 urtetik gorakoen artean urtetik urtera gehiago dira txertoa hartzen dutenak, biztanleria osoan gero eta ehuneko handiagoa baitira, baina txertoaren estaldura % 60an mantentzen da. Gaixotasun kronikoren bat duten pertsonen kasuan, berriz, txertoaren estaldura % 63koa da.

Kanpainaren aurkezpenean Osasuneko sailburuak esan du txertaketa-tasan % 65era iristea dela helburua.

 

Osakidetzaren kontingentzia-protokoloa gripeari aurre egiteko

Aurreko urteetan bezala, Osasun Sailak kontingentzia-plan bat ezarri du gripe-epidemiari eta neguko hilabeteetan osasun-zentroetara egiten diren bisiten maiztasunari baliabide eta antolakuntza egokiekin aurre egiteko. Helburu nagusia da paziente guztiak ahalik eta normaltasunik handienaz artatzea. Osakidetzako Osasun Arretako Zuzendaritzan batzorde berezi bat sortuko da plana bideratzeko, eta ESI eta kronikoen ospitale guztiek hartuko dute parte bertan. Horien ardura izango da lehen arretako kontsulten eta larrialdien nahiz ospitaleetako larrialdien eta erabilgarri dauden oheen jarraipena egitea. Gripe-epidemia bat izanez gero, eta beharrezkoa izango balitz, batzorde honen ardura izango litzateke baliabideen eta pazienteen banaketa koordinatzea.  

Planean jasotako neurrietako bat da baliabide material gehiago jartzea erabilgarri, esate baterako, behar izanez gero, ohi baino 450 ohe gehiago jarriko dira. Bestalde, eskaera handiena duten zerbitzuetan, besteak beste, ospitaleetako eta EAGetako larrialdietan, premialdiko medikuak eta erizainak jartzea ere aurreikusita dago.

Gainera, epidemiaren eta arretaren jarraipen zorrotza egingo da lau puntu estrategikotan oinarrituta: Mediku Jagoleak sarea, gripeak eragindako pertsona-kopuruari buruzko informazioa ematen duten profesionalek osatzen dutena; erreferentziako mikrobiologia-laborategiak, anduiak eta diagnostikoak berresten dituztenak; ospitaleetako informazio-sistemak, paziente larrienen berri ematen dutenak; Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zuzendaritza, datuak ikertu eta aztertzen dituena.  

 

2016ko Txertaketa Kanpainaren estrategia

Aukeratutako irudia Galaxietako Gerran oinarritzen da, oso zinematografikoa da eta Star Wars istorioari keinu egiten dio “Indarra lagun izan dezazula” esaldiarekin; kasu honetan “Gripea ez dezazula lagun izan”.

Kanpainari buruzko informazioa karteletan eta triptikoetan ez ezik, Osakidetzako osasun-zentroen eta ospitaleen kanpoaldeko olanetan ere ipiniko da ikusgai. Bestalde, eta txertaketa egingo den bi hilabete hauetan, kanpainaren berri emango da prentsan, irratian, kalean (oppi eta markesinetan), garraio publikoan eta web-orrietan.

Gainera, iaz bezala hainbat ekimen egingo dira gripearen aurkako txertaketa-kanpainari buruzko informazioa herritar guztiei hel dakien: 

  • Osasun Aholkua indartuko da, batez ere ospitaleetan, txertaketa bizkortu eta errazteko.
  • Informazioa postaz eta telefonoz helaraziko da, Beti On adineko pertsonen arreta-sistemaren bitartez.
  • Kanpainaren irudia eta claim-a txertatuko da alta-txostenetan, hitzordu-agirietan, osasun-zentroetako informazio-pantailetan eta mezu elektronikoen sinaduran.
  • Txertoa nork, noiz eta non hartu zehazten duten aholku-mezuak sartuko dira osasun-zentroei eta anbulatorioei eginiko deien itxarote-moduetan.

 

Aurkezpena amaitzeko, Osasuneko sailburu Jon Darpónek eskerrak eman dizkie Foru Aldundiei, Udalei, Farmazialarien Elkargoei, elkarteei eta Kutxabanki zein Laboral Kutxari gripearen aurkako kanpaina urtez urte babestu eta hedatzeagatik.

  

Donostia, 2016ko urriak 10

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Peiró, Antonio Arraiza, Garbiñe Suquía